bilatzailea
larunbata, 2023eko abenduaren 2a

KIROLA

Gure Ikastolan eskola-kirola hezkuntzaren osagarri gisa ulertzen dugu. Horrela planteatu eta diseinatu izan dugu eta, beraz, kirolaren arloan zehazten diren helburu, metodologia eta plangintza bat datoz, oinarrian, ikastolaren pedagogia sistemarekin.  

Helburua ez da errendimendu, lorpen zehatz neurgarriak lortzea, baizik eta kirolaren bidez bizipen eta sentsazio positiboak izatea.

Gure ikasleentzat kirola esperientzia atsegina, gustukoa, gogozkoa izan dadin saiatuko gara eta lorpen horri begira hiru arlo hauek landuko ditugu:  

  • Harremanak: ikasleek kirola beren arteko harreman bide orekatu gisa ulertu dezaten nahi dugu. Horregatik, eta hasieran batipat, jolasaren osagarriari emango diogu lehentasuna beste ezeren aurretik.  
  • Teknika: Kirol desberdinetako arau, teknika eta ohituren jabe egin nahi ditugu gure ikasleak, ikastola barnean bezala kanpoan ere, kirol hauek txukun samar praktikatu ahal izan ditzaten.  
  • Konpetitibitatea: ez zaigu batere interesatzen konpetitiboak izatea, baina bai gure ikasleek konpetitzen ikasi dezaten neurri batzuen barnean (bestearekiko errespetua, emaitza onartzen jakitea...)  

Hauexek dira, oro har, Langile Ikastolako kirolaren ardatzak..

Ikastolako irakasleek beraiek ere parte hartzen duten jarduera hauetan. Horrela bada, Hezkuntza Fisikoko bi irakasleak koordinazio eta sustapen-lanetan ari dira, eta gainerantzeko irakasleak ere, zeharka, jarduera hau bultzatzen ari dira.

Instalazioen atala da, agian, gure etengabeko ahalegina. Bi gune ditugu kirolean aritzeko, bata saskibaloirako eta bestea futbolerako, baina beharrak eraginda, balioanitzak bihurtzen ditugu. Daukagun eskaerarentzat azpiegitura eskasa dugu eta horregatik ikastolaz kanpoko beste instalazio batzuk erabili behar izaten ditugu.

Antolakuntzaren arloan, organigrama sinplea dugu baina eraginkorra, atal eta pertsona bakoitzak badaki zein den bere egitekoa.

Lehenik eta behin, Kirol jardueren Batzordea dugu, guraso eta irakasleez osatua. Bertan eztabaidatu eta aztertzen dira antolakuntzaren ardatzak, berrikuntzak eta, oro har, eskola-kirolarekin zerikusia duten alderdiak. Batzorde honetatik ordezkari bat joaten da Gelaburuetara eta hemen hartzen dira azken erabakiak.  

Koordinatzaileak: bi, ikastolako Hezkuntza Fisikoko irakasleak. Hauen egitekoa ikastolan kirol jarduerak bultzatu eta sustatzea da. Beraien ardura da, halaber, eskola-kirolak eragiten duen administrazio-lana (federazioekiko harremanak, tramiteak...) Eta kirol begiraleen arteko koordinazioa.

Begirale edo monitoreak: Talde bakoitzak begirale bat edo bat baino gehiago izango ditu, eta mailarik gazteenetan kirol desberdinak begirale berak irakatsiko dizkie.

Klubetako monitoreak: Klubekin egindako akordioen bidez, hauen monitoreak izango dira ikastolan hala eskatzen duten kiroletarako. Pertsona hauen perfila kirol eta egoera bakoitzari egokituko zaio.