KOXKOX IRRATIA

Urria 2023
Irratia ikastolan aspalditik genuen proiektu bat zen, baina 1999-2000 ikasturtean aurkeztu genuen Hezkuntza Sailean, curriculum berrikuntza delakoaren barruan. Behar ziren paperak prestatu ondoren, hasi ginen lanean serio proiektu horretan.
Gela bat antolatu, jarduera horretarako behar ziren aparatuak jarri, zerbitzu teknikoen arduraduna izendatu eta gure irratiaren izena aukeratu ondoren, emititzen hasi ginen.
Irratirako izen aukeraketa honela izan zen. Gela guztietan egin ziren proposamenak. Horiek geletan landu ondoren, aurrez eratutako batzorde batera eraman ziren. Batzorde hau irakasle eta 5. eta 6. mailako ikaslez osatua zegoen. Bertan bozketa eginez
“KOX-KOX IRRATIA” izendatzea erabaki zen . Kox-Kox irratia gure herriko leku gehienetatik entzun daiteke eta nahiko ondo gainera, 107,5 FM sintonizatuz gero.
Helburu Orokorrak:
- Aho espresioa landu eta euskararen kalitatea hobetu.
- Irakurketa-idazketa garatu.
- Aho erregistroa indartu.
- Tonuera egokia landu.
- Irratia komunikabide bezala ezagutu, eskaintzen dituen aukerak...
Proiektu hau 2000-2001ikasturtean jarri zen martxan gure ikastolan.
Gure praktika:
1. Zikloan
Hasieran, beste mailakoen emanaldiak entzunez hasten gara. Haurrak hortik jasotzen joaten dira ideiak...
Emanaldiak nola:
- Astean 15 minutukoak.
- Ekipoko gelako haurrak nahastuta.
- Emanaldirako talde aukeraketa zozketaz egiten dugu, aurrez parte hartu zutenak kenduz.
Hau egin ondoren, prestaketa lanari ekiten diogu.
- Etxean komentatu eta zenbait gauza handik ekartzen dute.
- Arduradunak laguntza eskaintzen die, ideiak, liburuak etab. emanez, beraiek zeukatenaren osagarri.
- Emanaldia ostegunetan 9,30etan izaten da.
- Ostegunetan bederatzietan, arduraduna taldearekin elkartzen da, saioaren errepaso bat egiteko, eta ondoren irrati gelara joaten gara. Bitartean, ekipoko beste haurrak gelan daude saioa entzuten.
Lehenengo mailan ez dugu ezer idatzirik eramaten. Esatariak gidoia aurrean duela eta irakaslearekin batera zuzentzen du saioa.
Bigarren mailan, eta heldutasunaren arabera bigarren hiruhilekoan gutxi gorabehera, saioa lehen bezala egitea pentsatu dugu, baina esatariak gidoi idatzia aurrean duela. Horrela, pixkanaka, saioaren ardura hartzen joaten dira.
Irakurri gabe egiteak, askoz naturaltasun handiagoa izatea dakar gure ustez. Bestela, adin hauetan irakurtzen erraztasunik ez dutenez, oso aspergarria gertatzen baita entzuleentzat.
Saioa bukatu ondoren, beste haurrek kritika egiten die, saioa nola hobetu daitekeen ideiak emanez..., ahal den neurrian era positiboan. Hau interesgarria izatetik aparte, aberasgarria ere izan da guztiz.
2. zikloan.
Talde hauek nolabaiteko esperientzia dutela esan dezakegu, izan ere, aurreko ikasturtean saio batzuk egiteko aukera izan baitute. Ziklo honetan dena idatzirik eramaten dugu irratsaio egitera joaten garenean. Horretarako paper eredu batzuk prestatzen ditugu: esatariarena eta saioaren ordena, asmakizunak, bertsoak, koplak, albisteak, bereziki eskainitako kantak, txisteak etab.
Ba al zenekien? atala Ingurunean lantzen ari diren gaiari lotuta izaten da eskuarki. Askotan beraiek idatzitako ipuinak ere ematen sartzen ditugu saioan.
Tokatzen zaion taldea biltzen da eta beraien artean erabakitzen dute bakoitzak zer egin. Ondoren, irakasleari aurkezten diote eta denon artean irratsaioa antolatzen dute. Eskakizun maila handitzen doa, atalak gehiago sakonduz.
Prestakuntza hizkuntza garaian edota 3.mailan lanak bukatzeko dituzten orduetan egin ohi da. 4. mailan berriz, irakurketa saioetan eta baita tailer librean ere. Prestakuntza hobetzeko, astean saio bakarra egiten dugu (hasieran bi saio egiten ziren), gelak txandatuz. Saioak 20-25 minutukoak izaten dira, eta talde txikietan prestatzen dira, lau edo bost lagunek osatzen dituztelarik. Beste ikasleak gelan gelditzen dira irratsaioa entzuten, eta ondoren, irratsaioa aztertzen da.
3. zikloan
Antolaketa, gutxi gorabehera aurreko ziklokoa bezalakoa izaten da. Ikasleek, gehienekoz 10ko taldetan banatuta, ordu erdiko saioetan parte hartzen dute. Ziklo honetan teknikariaren ardura ere ikasleek hartzen dute, txandatuz noski.
Prestakuntzarako tailer libreak erabiltzen dira, eta taldeek irakaslearen laguntza izaten dute.Azken entsaioa garrantzizkoa izaten da; irratsaioa osotasunean nola gelditzen den ikusteko, azken ukituak emateko eta baita ere ahoskatzea hobetzeko.
Ziklo honetan eta “Nolega” planaren barruan, gure saioen grabaketak beste eskola batzuetara bidaltzen ditugu. Hau dela eta, gaiak sakonago aztertzen eta besteentzat interesgarriak izango direnak aukeratzen saiatzen gara. Hala nola herriari eta herritar ospetsuei buruzko erreportai eta elkarrizketak.
Irratsaioak entzuteari ere garrantzia ematen diogu eta baita ere beraien balorazioari.
JANGELA
URTEBETETZEAK
- Simon Martinez Iradi
2019-10-02 | 4 urte - Marko Martinez Iradi
2019-10-02 | 4 urte - Malen Apezetxea Biurrarena
2014-10-02 | 9 urte - Ani Uzkudun Sorondo
2021-10-02 | 2 urte